Garikoitz Aiesta - EKOLURRA

«Agroekologiaren hazkundea aipagarria da Euskadin, baina 2030eko helburutik urrun gaude, paradigma aldaketa behar dugu jauzia emateko»

Koldo Nausia 2024ko mar. 25a, 09:22

Lurren %25a ekologikoan ekoizteko erronka markatu du Europak, eta EAEn agroekologiak 20 urteotan etengabeko hazkuntza izan badu ere, oraindik ere %5a besterik ez da ekologikora bideratzen, ardo, olio eta frutak bultzatuta. Baratzezaintza, aldiz, atzean geratu da momentuz. Baina «sektorea gaztetzen» ari dela itxaropentsu dago Ekolurra kontseilua.

Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua (Ekolurra) ekainaren 7tik 9ra Ficoban ospatuko den Bioterra azokaren 21. edizioan presente izango da urtero bezala. Hastapenetik bat egin du produkzio ekologikoaren lekuko izan eta ekoizle berriak ekologikora pasatzera animatzeaz «eraldaketa agroekologikoan merkaturatze-bideak ezinbestekoak direla sinetsita, azken batean, denok gara kontsumitzaile».

Hala pentsatzen du Garikoitz Aiesta Etxanizek, Ekolurra kontseiluko bozeramaleak. Itxaropentsu azaltzen da nekazaritza ekologikoaren etorkizunarekin, «bertako ekoizpena txikia izanik ere, balio erantsiaren bitartez aurrera ateratzeko aukera ematen duelako, ez dago beste aterabiderik», dio Aiestak.

Agroekologiaren aukera berriak

Halere, eta Bioterra azokak bezala, azken 20 urteotan agroekologiaren paradigma aldaketaren eskutik, EAEko lurretan etengabe hedatzen joan bada ere, gaur egun 10.772 hektarea dira ziurtagiri ekologikoarekin ari direnak. Ororen buru, %5a besterik ez da, eta 2023an 1.668 hektarea berri batu diren arren (%18ko hazkundearekin) prozesua azkartu beharra dago. 51 ekoizle ekologiko berri batu dira, eta guztira 740 dira gaur egun urratsa eman dutenak. Eta nabarmentzekoa da Aiestaren ustetan, %80a aurretik nekazaritza konbentzionalean aritzen ziren ekoizleak zirela, urratsa emateko hautua hartu dutenak. Halere, belaunaldi berrien eskutik dator aldaketa. «Ekologikoan alta berrien %35a gazteak dira, baserritik datozenak asko, baina geroz eta gehiago dira inguru urbano batetik nekazaritza ekologikoan hasteko ausardia agertu dutenak, ekologikoan aukerak daudela identifikatu dutelako», argitu du.

Hala eta guztiz ere, «Euskadi oso urrun dago oraindik ‘Baserritik mahaira’ Europako Itun Berdeak gomendatzen dituen 2030eko helburuetatik, %25era heltzeko sei urtetan jauzi kualitatiboa eman beharko dugu». Haatik, abiadura desberdinak daude jardueraren arabera EAE mailan, lurraldearen eta ekoizpen motaren arabera. Izan ere, abeltzaintza ekologikoak %9,7ko goranzko joera mantendu du 2023an, batez ere behien eta zaldien hazkuntzan. Guztira 226 profesional daude abeltzaintza ekologikoan, horietatik 95 Gipuzkoan, 77 Bizkaian eta beste 54 Araban.

Frutarbolek aurrea hartuta, baratzeak atzetik

Azken lurralde honetan, aldiz, ekoizpen ekologikoak ardo eta olio ekoizpenetan suposatzen duen balio erantsiak eragin du trantsizioa. Mahastizaintzari dagokionez, 109 profesional daude ekologikoan Euskadi osoan, eta horietatik 87 arabarrak ari dira. «Bitxia da, baina ekoizpenerako lur guztien %5a ekologikoa den bitartean, mahastien kasuan %18a, frutena %23a eta olibena %17a da dagoeneko, Europako helburuetatik hurbil, baratzezaintza da atzean geratu dena». Kasu horretan kostaldeko lursail egitura txikiak eta ekoizle txikien zailtasunak kontuan hartzekoak direla ohartarazi du Aiestak.

Era berean, agroekologiak urteotan izan duen hazkundea azkartu nahi bada, agintari eta administrazioen babesa eta erraztasunak beharrezkoak izango direla azpimarratu du. Baina nekazarien arteko saretzea ere giltzarri izan daiteke Ekolurraren ordezkariaren ustetan. «Azken hilabeteotan lehen sektoreak antolatutako traktorada eta mobilizazioetan elkartzeko gaitasuna duela erakutsi du, baina Ipar Euskal Herrian laborariek alternatibak bilatu eta elkarrekin merkaturatzeko bideak sortzeko duten gaitasuna da eredua, enbidiaz ikusten dugu hori Hego Euskal Herrian», aitortu du.