36 etorkinek Korrikarekin batera zeharkatu zuten muga, kolektibo batek lagundurik

Aimar Lopez 2024ko mar. 26a, 12:44

Korrika Irundik abiatu ondotik, Santiago zubian 36 etorkin ibili ziren lasterka, haien aldeko kolektibo baten laguntzarekin · Pasabide segurua bermatzeko eskatu dute elkartasun ekimenaren bidez

Etorkinen eskubideen alde ari diren elkarteek, eta Ipar zein Hego Euskal Herriko 18 sindikatu, alderdi politiko eta eragile agertu dira gaur goizean Ficoban, martxoaren 14an, Korrika Irundik Hendaiara pasa zenean, 36 etorkini muga modu seguruan zeharkatzen lagundu zietela azaltzeko.

Bidasoa Etorkinekin, Irungo Harrera sarea, LAB, EHBAI, La France Insoumise edo Attac dira bertzeak bertze ekimena burutu duten taldean, eta Irundik Baionara lagundu zituzten migranteak. Ekimen honen bidez, elkartasuna modu praktikoan erakusteaz gain, muga arrazista ere salatu nahi izan dute. Argitxu Dufau LABeko kidea kolektiboaren izenean mintzatu da, eta frantses estatuko migrazio legea salatzeaz gain, ekimena praktikan nola egin zuten azaldu du.

Ekimena publikoki gaur iragarri badute ere, sare sozialetan oihartzuna izan zuen martxoaren 14ean berean. Polemika ere eragin zuen horrek, etorkinak eta Korrika bera arriskuan jartzen zituelakoan batzuen iritziz. Eñaut Aramendi LABeko kideak kezka horiei erantzun die. Bere hitzetan, halakoek arriskurik ez dute sortzen, polizia ez baitabil etorkin zehatz batzuen bila, eta Korrika bezala bertze hainbat ekimenek baitute mugaz gaindiko izaera.

Baionaraino lagundu zieten autoetan kolektiboko kideek 36 etorkinei. Bertan, jatekoa eman ondotik, bakoitzak bere helmugarako bidea jarraitu zuen. Etorkinen aldeko eragileen aspaldiko eskaera da hegotik ipar euskal herrira pasabide segurua plantan ematea, eta sinbolikoki eta arratsalde batez izan bazen ere, horixe egin zuten Korrikaren hegalpean.