Irungo DECATHLON saltokiko langileek lanuzteak egingo dituzte larunbatean

Antxeta Irratia 2024ko mar. 21a, 13:15

Kirol materialerako multinazional frantsesak lan hitzarmen estatala aplikatzen die Irungo dendako langileei, eta entzungor egin dio orain arte «bertako errealitatea kontuan hartuko duen hitzarmen propioa» negoziatzeko eskaerari.

Txingudi merkatal zentroko Decathlon saltokiaz gain, Hendaiako Tribord gunean dendaz eta nautika arloko I+D zentroa du Decathlon multinazional frantsesak Bidasoa eskualdean. Eta agerikoa da ez dituela eskualdeko langile guztiak lan baldintza berdinetan lanean. Hendaia eta Irungo bi dendetan tokiko errealitate sozioekonomiko eta adminsitratibora egokitutako baldintzak baitituzte Bidasoaren bi ertzeetako langileek. Aldiz, Decathlonek espainiar estatuan dituen 135 saltokietako langile guztiak baldintza beretan ditu. Autonomia erkidego guztietan presente dago, eta denetan lan hitzarmen estatala aplikatzen die.

Hortaz, ELA sindikatuak aditzera eman duenez, Irungo langileek argi dute «bertako errealitatea kontuan hartuko duen hitzarmen propioa» behar dutela. Besteak beste, igandeak eta Hegoaldeko jai egunak errespetatuko dituenak, KPIaren eguneraketa edota urteko lanaldia 1770 orduko izatea. Bestalde, langileen gehiengoa lanaldi murriztuan ari dela azaldu du sindikatuak, eta lan ordutegietan malgutasun handia eta aldaketa asko pairatu ohi dituztela.  

Decathloneko langileen prekarietatea salatzen duten banderolak hainbat aste daramatzate Txingudi merkatal zentroko sarrerako biribilgunean.  Baina negoziaketa mahaia eratzeari uko egin dio enpresak orain artean. Hortaz, larunbatean 12:00etatik 13:00era, eta arratsaldez 18:00etatik 19:00etara lanuzteak egingo dituzte. Ohartarazi dutenez, enpresak jarrera aldatzen ez badu, mobilizazioak azkartuko egingo dituzte.